Ordutegien aldaketa-eskarien kudeaketa, gelen erreserba
eta ordenagailuen gelen eta orgen erreserba

eu | es

Ikasturte bakoitzerako ordutegiak, aplikagarriak diren lege eta araudiei jarraituz, aurreko ikasturtea amaitu baino lehen prestatu behar dira eta Fakultate Batzarrean onartu ikasleek matrikula egin aurretik. Ondoren egin daitezkeen aldaketak mugatu egin behar dira, ezin direlako aldaketak egin ikasleek matrikula egin ondoren baldin eta ez badago justifikazio egokirik. Horregatik, aldaketak egiteko irizpide argiak ezarri beharra dago eta, orri honetan, irizpide horiek azaltzen dira.
++
Aldaketak egin aurretik, aldaketaren izaera (puntual edo iraunkorra) eta zerk eragina den hartuko da kontuan:
  • Ordutegian bateraezintasunak aurkitu badira, horiek konpontzeko beharrezko aldaketak egingo dira eta, orokorrean, webuntisen grabatuko da.
  • Edozein aldaketa egingo bada, eragindako ikasle guztiei kontsulta egin beharko zaie eta, gutxienez, lehen aldiz matrikulatutako ikasle guztien kontrako iritzirik gabe egin beharko da.
  • Aldaketa puntuala bada, inplikatutako pertsona guztiei jakinaraziko zaie: irakasle, ikasle, antolakuntza akademikorako dekanorde eta sailetako edo ataletako harremanetarako arduradunei.
  • Irakasle batek zehaztutako ordutegian dagokion eskola emateko ezintasuna badu, aparteko eskola ordu eta espazioak erabili beharra ekiditeko, lehenetsiko dira irakaskuntza-orduen elkartrukeak beste ikasgai batzurekin.
  • Aldaketaren ondorioz espazio eskaria egin behar bada, horretarako web-formularioa erabiliko da.
Hori guztia kontuan izanik, webgune honetan, kasu bakoitzean aldaketak egiteko erabiliko diren irizpide eta prozedurak azaltzen dira.

Azkenik, kontuan izan behar da edozein aldaketak uste baino eragin larriagoa izan dezakeela espazio eta taldeen kudeaketan.


Eskaerei buruzko eskema orokorra


Prozeduren azalpen garatua honako ataletan banatuta dago:
  1. Aldaketa-eskariak ikaslearentzat edo irakaslearen bateraezintasunak ematen direnean
  2. Aldaketa-eskari puntualak eta justifikatuak.
  3. Egokiro justifikatu gabe dauden aldaketa-eskariak
  4. Ekitaldi edo bilera zientifiko, tekniko edo profesionaletara edo laginketak egitera joateko eskatzen diren ordutegi-aldaketak
  5. Ebaluazio jarraituaren jarduerak egiteko eskatzen diren ordutegi-aldaketak/erreserbak
  6. Masterreko klaseak emateko egiten diren erreserbak
  7. Ordenagailuen gelen eskariak eta ordenagailuen orgak erabiltzeko eskariak

Ikusi dena


A. Aldaketa-eskariak ikaslearentzat edo irakaslearen bateraezintasunak ematen direnean

Ordutegiak programatzean detektatu ez ziren bateraezintasunak detektatzen badira edo ondoren egin beharrekoak izan diren aldaketek bateraezintasunak sortu badituzte (adibidez, praktika taldeak gehitu direlako edo kendu egin direlako), konponbidea aurkitu beharko da. Ordutegiak Fakultate Batzarrean onartu aurretik ikusi ez ziren bateraezintasunak detektatzen badira edo ondoren egin beharrekoak izan diren aldaketek bateraezintasunak sortu badituzte (adibidez, praktika taldeak gehitu edo kendu egin direlako), konponbidea aurkitu beharko da.

Honako kasuak gerta daitezke:

  • Ikasle taldeentzako bateraezintasunak ikasmaila bereko ikasgaien ordutegietan.

    Oharra: jarduera praktikoak (GA, GL, GO, S, TI, TA eta GCA) egiteko talde bat baino gehiago aurreikusita daudenean (adibidez, GA1 eta GA2), taldeak ikasleen abizenaren ordena alfabetikoaren arabera sortu behar dira, Gradu Bikoitzeko ikasleak salbu. Ikasle horiek lehen talde praktikoak sartu behar dira.

    Gerta daiteke, hala ere, ikasle-banaketa desberdina suertatzea irakasgaien artean. Kasu honetan:

    1. Ikasleei eurei eskatu taldez elkar-truka daitezela bateraezintasunak konpontzeko
    2. Horrela konpontzen ez bada, irakasleen artean konponketa bilatu.
    3. Hori nahikoa ez balitz, ikasmailako koordinatzailearen laguntza eskatu.
    4. Aurreko guztiarekin konpontzen ez bada, ikasmailako koordinatzaileak Antolakuntza Akademikoko Dekanordearen parte hartzea eskatuko du

     
  • Irakasleentzako bateraezintasunak beren ordutegian.

    Matrikulazio garaian ezaguna zen ordutegian, irakasle bati ikasgai baten orduen % 15a baino gehiago beste ikasgai batenarekin edo batzuenekin gainjartzen bazaio, Sailak irakasleen esleipen berria egin beharko du edo, aukeran, aldaketa egiteko eskari formala egin beharko dio Antolakuntza Akademikoko dekanordeari. Eskarian adierazi beharko da zein zailtasun dauden irakasleen esleipen egokia egiteko, eta aldaketa proposamena igorriko du ordutegi-aldaketa proposamen batekin. Ordutegi berri hori ikasle taldearen ordezkariarekin adostuta egon beharko da eta ikasmailako koordinatzailearen oniritzia izan beharko du.

Aurreko kasuetan egin beharreko ordutegien aldaketak Webuntis / Untis Mobile sistematan islatu behar badira (aldaketa iraunkorrak), Antolakuntza Akademikoko Dekanordeari egin behar zaio eskaria. Bestela, erreserbak egiteko formularioa erabili daiteke aldaketa eskaria egiteko.


B. Aldaketa-eskari puntualak eta justifikatuak

Irakasleak gertaera puntual baten aurrean (adb. epe laburreko gaixotasuna, hitzordua medikuarekin edo derrigorrezko jarduera) ordutegian aldaketa puntuala egin behar badu honako prozedura hauetariko bat jarraitu beharko du

  • Klase orduaren elkartrukea kurtso bereko beste ikasgai batekin

    Aukera hau beti lehenetsi egingo da klase orduen elkartrukeek ez dutelako ordutegietan klaserik gabeko tarteak sortzen. Aldez aurretik derrigorrezkoa izango da elkartrukatuko diren bi ikasgaietako ikasle taldeei aldaketaren beharra azaltzea eta elkartrukearen proposamena adostea klasean bertaratutakoekin. Ez bada kontrakorik adierazten onartutzat joko da, beti ere aldaketak klase magistralei badagokie. Irakasleek aldaketaren berri derrigorrez jakinarazi beharko dute eGelaren bitartez. Jarduera praktikoen kasuan, aldaketa onartutzat jotzeko ezin egingo da kontrako iritzi bakar bat ere jaso ikasleen aldetik.
     

  • Ikasgela erreserba bat egin

    Klase magistralen kasuan, ikasgaien artean ezin bada elkartrukerik egin, ikasgela erreserba bat eska daiteke. Klaseetan bertaratzen diren ikasleei azalduko zaie aldaketaren beharra eta egingo zaie proposamena. Ez bada kontrakorik adierazten onartutzat joko da. Hala ere, derrigorrezkoa izango da adostutako aldaketa eGaleren bidez jakinaraztea bertaratu ez diren ikasleak ere aldaketaren berri izan dezaten. Aldaketak jarduera praktikoei eragiten badie, onartutzat jotzeko ikasleen kontrako iritzirik ez da jaso behar.

Aurreko kasuetan egiten diren aldaketak erreserba gisa agertuko dira Webuntis / Untis Mobile sistematan: Irakasleak gela bat erreserbatuko du erreserbak egiteko formularioa erabiliz. Formularioan derrigorrezkoa da aldaketaren zergatia adieraztea, zein gela erreserbatu nahi den eta zein gela geratuko den libre. Eskatzen diren aldaketa-eskariak aztertuko dira eta, egokitzat onartzen badira, gela erreserba egingo da. Aldaketa puntuala onartzen denean, ordutegietan aurrez programatutako klasea mantenduko da nahiz eta ez den emango.

Inspekzioa dagoen egunetan irakaslea ez badago klasea ematen, erreserba sistemaren bidez egindako aldaketa eskariak aztertuko dira eta inspektoreari jakinaraziko zaio aldaketa eskariagatik ez dagoen irakaslea ikasgelan. Horregatik, guztiz da garrantzitsua eskaria egokiro betetzea.

Oharra: Egun jakin batean talde batek ikasgai bakarreko 1,5 orduko saio bakarra programatuta badauka eta beste klaserik ez badu, aldaketa onar daiteke baldin eta saio hori beste egun batean programatzeko aukera badago eta ez bada ikaslerik kaltetzen. Aldaketa mota hari salbuespen gisa onartzen da, Farmazia Fakultateko ikasleen % 85 inguru ez delako Araban bizi, eta ondorioz, desplazamenduak ekidin daitezkeelako. Bi ordu edo gehiagoko saioak, edo bi ikasgai edo gehiago programatuta badaude egun jakinean ez da horrelako aldaketarik onartuko. Ordutegien aldaketak beste ikasgai batzuren bertaratzean eragina izan badezake (adibidez, egun horretako klase kopurua nabarmenki jaisten delako), aldaketa ez da onartuko.


C. Egokiro justifikatu gabe dauden aldaketa-eskariak

Ordutegien aldaketa-eskariak ez dira onartuko arrazoi egokirik gabe. Kontuan izan behar da ordutegiak onartuta daudela matrikulak egin aurretik eta ordutegi horiek betetzea betebehar bat da.

Bestalde, aldaketek uste baino eragin larriagoa izan dezakete espazio eta taldeen kudeaketan.


D. Ekitaldi edo bilera zientifiko, tekniko edo profesionaletara edo laginketak egitera joateko eskatzen diren ordutegi-aldaketak

Tituluko egoeratan eta beste egoera baliokide batzuetan, orokorrean, dagokion lizentzia eskatu beharra dago. Irakaslea lizentzia batekin dagoen bitartean, dagokion ebazpenaren arabera, Sailak bere gain hartuko ditu eskolak, inoiz ezin izango baitira eman gabe utzi. Ondorioz, horrelako egoeratan ez litzateke beharrezkoa izan beharko klaseen datarik aldatzea.

Hala ere, ordutegietan aldaketa eskatu nahi bada, B atalean adierazten den prozedura jarraituko da.

Aldaketa horietaz gain, eta baldin eta ez badira tutoretza-orduak epearen barruan aldatu, honako agiria bete beharko da eta irakaslearen bulegoaren atean jarri.


E. Ebaluazio jarraituaren jarduerak egiteko eskatzen diren ordutegi-aldaketak/erreserbak

Ebaluazio jarraituko jarduerak irakasgaiari dagokion orduetan egin behar dira.

Ikasleak sakabanatuago egoteko gela bat gehiago nahi izanez gero, erreserba puntual bat eskatu erreserbak egiteko formularioa erabiliz eta adierazi laguntza-gela gisa erabiliko dela. Kasu hauetan, seguruenik, ez da beharrezkoa izango laguntza-gela horren erreserba ikasleen ordutegietan aurkeztea, eta, beraz, dagokion kontrol-laukia (checkbox-a) desaktibatu beharko da formularioan.


F. Graduondoko klaseak emateko egiten diren erreserba

1.
Farmazia Fakultatera ATXIKITA DAUDEN graduondoko ikasketak emateko beharrezko diren erreserbak kudeatuko dira Graduetako erreserbak kudeatzen diren era berean.

2.
Farmazia Fakultatera ATXIKITA EZ DAUDEN graduondoko ikasketak emateko gela arruntak, ordenagailuen gelak edo laborategiak erabili daitezke, baina gela arruntak eta ordenagailuen gelak erreserbatzeko aukera lehenetsia Elurretako eraikinean (ordenagailuen gelan edo gela arrunten kasuan), edo Lucio Laskaray eta Mikaela Portilla ikerguneetan (gela arrunten kasuan) izango da. Erreserba horien kudeaketa graduondokoa atxikita duen ikastegiaren bitartez edo Sailaren bitartez egingo da. Eraikin horietan ezezkoa jasotzekotan eta Farmazia Fakultatean erreserba eskaria egitea erabakitzen bada, eskariarekin batera egindako eskariei emandako ezezkoa aurkeztu beharko da.

Farmazia Fakultatera atxikitako ikasketen beharren arabera, lehentasuna dela eta, atxiki gabekoen ordutegiak aldatu ahal izango dira..


G. Ordenagailuen gelen eskariak eta ordenagailuen orgak erabiltzeko eskariak

1.
Ordenagailuen gelak erabiltzeko irizpide orokorrak jarraitu behar dira, baina kontuan izan behar da ordenagailuen gelak GO motako jarduerak egiteko bakarrik eskatu ahalko direla.

Ikasgai jakin batean GO ez diren jarduerak ordenagailuen gelan programatu nahi badira Sailak irakaskuntza modalitateen aldaketa eskaria egin beharko du. Eskaria Saileko Kontseiluan onartu beharko da eta Antolakuntza Akademikoko Dekanordeari bidaliko zaio.

2.
Farmazia Fakultateak bi ordenagailu orga daude, bakoitzak 10 ordenagailu mugikor ditu eta erreserbatu egin daitezke.

Ordenagailuen praktikak (GO saioak) entxufedun gela batean programatu nahi badira praktikak ikasleen ordenagailuekin egiteko eta ordenagailuen orga erabili nahi bada ordenagailu propiorik ez duten ikasleentzako, Antolakuntza Akademikoko Dekanordeari egin behar zaio eskaera. Eskaria, ahal dela, aurreko urtearen amaieran egin beharko da, ikasturtearen plangintza egiten denean. Baldin eta ikasleek software librea instalatu beharra balute beraien ordenagailuetan, komenigarria izan daiteke programa horiek instalatzeko tutorial bat aurretik prestatzea.

Ordutegien kudeaketan eragin zuzena duten errege dekretu, araudi eta ebazpenak

Honako orrian irakats plangintzari buruzko hainbat dokumentu aurki daitezke eta, horietatik, honakoak azpimarratu nahi genituzke:

1.
Unibertsitateko Ikasleen Estatutua:

VI. kapitulua. Titulu ofizialak lortzera bideraturiko ikasketetako ikasleentzako irakaskuntza-programazioa eta ebaluazioa

23. artikulua. Titulu ofizialak lortzera bideraturiko unibertsitate-ikasketen irakaskuntza-programazioa.

23.4. Titulazio bakoitzaren arduradun ikastegiek, matrikula egiteko epea zabaldu baino lehen, titulazioaren akademi ikasturterako plangintzaren berri emango dute eta, honen barruan, ikasleak ikasketan eta ikaskuntzan eskaini beharreko arduraldia ECTS kreditutan, aurreikusitako irakasleak eta gai edo irakasgai bakoitzeko ordu-banaketa orokorra zehaztuko dira; ikasleek, eskola-ordutegitik at, egin beharko duten lanaren eskakizunak kontutan hartuko duen sail arteko koordinaziotik abiatuta.

2.
Graduko Ikasketen Gestiorako 2023-24 Ikasturteko Arautegia

IV. Kapitulua. Irakaskuntza-ikaskuntzaren plangintza

38. artikulua.- Prestakuntza programa eta irakaskuntza gidak

38.1.-2023ko Ekainaren 1erako ikastegiak argitaratuta izan behar du bere webgunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, bertan, honako hauek gutxienez: ikasle bakoitzak izan beharreko arduraldia ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzaren ustezko ordutegia. Epe horretan bertan bere webgunean ikasleen esku jarri beharko ditu ikastegian ematen diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak, kasuan kasuko sailek onartuak, baita ebaluazio proben eta irakaskuntzako bestelako jardueren egutegia ere. Irakasgai bakoitzaren irakaskuntza gida e Gelan emango da argitara lehenengo eskola astean, eta bertan egongo da ikasturtea amaitu arte, ikasleek eskuragarri izan dezaten.

38.1.-Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar-beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralen ordutegia zehaztea. Beste irakaskuntza mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.

3.
EBAZPENA , Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorearena, zenbait lizentzia emateko eskumena dekano eta zuzendariei eskuordetzearen alde agertzeko dena.

Bosgarrena.- Irakaslea zerrendan jasotako lizentzia edo baimenen batekin dagoen bitartean, sailak bere gain hartuko ditu eskolak, inoiz ezin izango baitira eman gabe utzi.